sábado, 29 de enero de 2011

Printzipio ayurvedikoak

Medikuntza eta jakinduria

Printzipio ayurvedikoak

Ayurveda, bizitzaren zientzia eta medikuntza tradizionala, oso hedatuta dago Indian. Indiako Ezagutza Sistema Tradizionalen Ikerkuntza Zentroko (CIKS, Madrasen) ikerlaria den K.M. Shyam Sundarrek printzipio ayurvedikoak azalduko dizkigu.
ELKARRIZKETA K.M. SHYAM SUNDAR-EKIN
Indiarra. Medikuntza ayurvedikoan aditua, Indiako Ezagutza-Sistema Tradizionalen Ikerkuntza-Zentroko (CIKS, Madrasen) ikerlaria da.
Zer esan nahi du ayurveda hitzak?
Sanskritoko hitza dugu. Ayu "bizitza" da eta veda aditzak "ezagutu" esan nahi du. Ayurveda bizitzaren zientzia da, beraz. Unibertsoko bizi-mota oro zein lege eta printzipiok arautzen duten azaltzea du helburu. Gaixotasunen sorburua, bilakaera eta tratamendua ez ezik, bizitzaren alde nahiz kontra egiten duten elementuak ere hartzen ditu kontuan. Azkenik, giza zorionaren eta zoritxarraren iturburuak bilatzen saiatzen da.
Nolako lotura dute zientzia horrek eta Indiako testu zahar sakratuek (Veda)?
Atharva Vedan medikuntza ayurvedikoaren oinarri teorikoak eta aplikazio praktikoak daude bilduta. Baina Atharva Veda anatomia-tratatua ere bada: zenbait gaixotasuni buruzko azalpenak ematen ditu eta hainbat lesio nola sendatu adierazten du. Horretaz gain, epidemiak kontrolatzeko moduen berri ematen duen testu bat ere agertzen da. Rig-veda, Yajur Veda eta Sƒma Vedako pasarte batzuk testu horren osagarri dira.
Zein dira ayurvedaren oinarri filosofikoak?
Pentsaera indiarraren arabera, gizakia unibertsoaren enkarnazioa da: gizabanakoak aniztasuna du ezaugarri, mundua ere anitza baita. Eboluzioa gizakiaren eta unibertsoaren arteko elkarreraginen emaitza dugu. Ayurvedaren oinarrizko eskola filosofikoen ustez, gizakiaren eta unibertsoaren sorburua bat bera da eta funtsezko bost elementuz daude osatuta bata eta bestea: lurrez, urez, suz, airez eta eterrez.
Zein mekanismo fisiologikori ematen dio ayurvedak garrantzirik handiena?
Gorputzak zazpi dhathus ("laguntza") behar ditu ongi ibiltzeko, eta dhathusak janarien bidez mantentzen dira egoera onean. Hauexek ditugu aipatutako laguntzak: gorputzeko fluidoak, odola, giharrak, gantzak, hezurrak, nerbioak eta zelula ugaltzaileak.
Zein leku betetzen du orekak pentsaera ayurvedikoan?
Funtsezko kontzeptua da. Gaixotasunak prebenitu eta sendatzeko, hiru dosha ( vatta, pitta eta kapha) gainditu behar ditugu beti. Doshak giza gorputza osatzen duten bost elementuen baliokide biologikoak dira. Osasunez ongi gaudenean, doshak orekan egoten dira eta funtzio fisiologiko guztiak arautzen dituzte. Baina oreka hautsiz gero, gaixotasunak sortzen dira. Doshak gorputz guztian izaten ditugu. Osasunez ongi gaudenean, gorputzaren behealdean, erdialdean eta goialdean kokatzen dira, hurrenez hurren. Etxe bateko zutabeak ditugu, nolabait. Eta hala deitzen zaie gainera: hiru zutabeak ( tristhuna). Bizitzaren une bakoitzari (haurtzaroa, heldutasuna eta zahartzaroa) dosha bana dagokio: khapha, vatta eta pitta, hurrenez hurren. Hiru zatiko banaketa hori beste honekin bat dator: eguna, gaua eta digestio-aldia. Sorkuntzaren unean, hiru doshak gametoetan bildu eta nahasten dira. Nahasketa horren ondorioz, gizakiak izaera fisiko eta mental jakin bat bereganatzen du. Jatorrizko izaera hori ez da, gainera, inoiz aldatzen. Sanskritoz prakruthi izena ematen zaio (berezko edo jatorrizko forma) eta bost elementuak ematen ditu aditzera.
Nolakoa da medikuntza ayurvedikoa?
Zortzi adar ditu, eta zortzi gai hauetaz arduratzen da: 1) arazo funtzional organiko edo sistematikoen ondoriozko gaixotasun somatikoak; 2) lepoko nahiz buruko gaitzak; 3) gorputz arrotzek (arantzak, belarrak, harriak, iltzeak, etab.) eragindako gaixotasunak, kaltetutako saniesak edo doshak atereaz sendatzen direnak; 4) era guztietako pozoidurak; 5) jatorri ezezaguneko arazo mentalak eta gaixotasun infekziosoak, deabrua uxatzeko sakrifizio erritualen bidez sendatzen direnak; 6) haurren gaixotasunak edo aldaketa astrologikoen ondoriozkoak, amaren esnea garbituz konpontzen direnak; 7) gorputz-ehunen propietateak indartzeko bideak (indarra, adimena eta gaixotasunei aurre egiteko ahalmena eskuratzeko), horrela, zahartzaroa atzeratu eta gorputzak gazte irauten baitu; 8) esperma eta obuluen kalitate eta kantitatea hobetzea, sexu gogoa eta kemena handitzea, ugalkortasuna areagotzea, eta, azkenik, antzutasuna nahiz gainerako patologia genitalak sendatzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario