jueves, 3 de febrero de 2011

osasuntsu zara?

Kultura desberdinen arabera, eta pertsona desberdinen arabera bederen, osasunaren definiziozehatza  ez litzateke bat etorriko.
Argi dagoena berriz bere aurkako hitza bilatzean denak bat etorriko liratekela da.Zera da, gaixotasunaren eza bezela ulertuko du munduaren zati gehiengoak.
Blog hau egiterakoan ondorioztatu dut azken batean ikuspegi anitz izan ditzakela..
Batzuek arima eta orekarekin erlazionatuko dute, beste batzuk energiaren kanalizazio egokiarekin. Beste zenbaitek ordea alibio sintomatikoa osasuntzat hartu dezakete eta badira beste batzuk zeinak uste duten osasuna lortzeko lana egin behar dela, bizkar hezurra eta burmuinaren arteko konexioak gal ez daitezen eta jarrera egoki horren bidez gorputza osasuntsu izatera bultzatuko dugula.
Zuretzat zer da osasuntsu egotea?

domingo, 30 de enero de 2011

Homeopatia, zer da medikuntzaren adar hau?

Samuel Hahnemann-ek sortu zuen homeopatia. Prussiako Meisen-en jaio zen 1755.eko apirilaren hamarrean. Farmazia, kimika eta toxikologiazko ezagumendu sakonak zituen. Sendagile moduan zenbait urtez lan egin ondoren, lanbide hori utzi egin zuen. Bere idatzietan dioenez, sendatzeko zituen bitartekoen urritasunagatik eta drogen eragin zehatza ez jakiteagatik besteak sendatzeko gai ez zela sentitu zuen eta horregatik utzi egin zuen medikuntza.


Ondorengo urteetan itzulpenak egitea ogibide harturik lan egin zuen. Egun batean kininaren propietate toxikoei buruzko Cullen doktorearen Medikuntz tratatua itzultzen ari zelarik, harrituta gelditu zen. Tratatuan esaten zenez, substantzia horrek dosi toxikoetan aldizkako sukarra sortzen du, baina substantzia berori aldizkako sukarra sendatzeko ere erabiltzen da.
Errebelazio honetatik abiatuz, Hahnemann droga hau bera hartzen hasi zen eta bere lehenengo intuizioa baieztatzen joan zen denboraren poderioz. Saiakuntza hau beste pertsonekin esperimentatu zuen eta emaitza bera lortu zuen. Saiakuntza hori oinarritzat hartuz, ondorengo printzipio hau ezarri zuen: Sukarrak desegiten dituen kininak, sukarraren itxurak sortzen ditu pertsona osasuntsuarengan.
Kinina ondoren beste substantziekin (sufrea, belladonna, pulsatilla, etab.) saiatu zen, emaitza bera lortuz. Horrela gaixotasuna eta sendagaiaren artean dagoen etengabeko erlazioa egiaztatu eta honako lege hau ondorioztatu zuen:Pertsona osasuntsuarengan sintomak sortzen dituen substantziak, sintoma berauek aurkezten dituen gaixoa senda dezake. 
Antzekotasunaren legea da homeopatiaren lehen printzipio nagusia.
Askotan droga bat hartuta, oso dosi txikietan bada ere, droga horren eragin toxikoak esperimentatzailearengan gaizkoadura txar baten eran irauten duela egiaztatzen du Hahnemann-ek. Beraz gero eta toxiko-kantitate txikiagoak erabiltzen ditu eraginkortasun terapeutikoa galtzeko arriskuan jarriz.
Baina une honetan bere bigarren aurkikuntza handia egin zuen: disoluzio bakoitza gogorki astinduz (sukuzioa), gero eta toxikotasun txikiagoko baina indar handiagoko sedagaia lortzen du. Beraz sendagai homeopatikoa substantzia diluitu eta dinamizatuez osatuta dagoela esan dezakegu. Hau da homeopatiaren bigarren printzipio nagusia.

 Sendagai berria
Homeopatian sendagai bakar batek gaixotasunaren sintoma guztiak sendatzen ditu eta bakarrik ematen da.
Alopatian (Medikuntza arruntean) ez bezala, homeopatian ez da sengadai-aldaketa edo polifarmazia erabiltzen. Aldi bakoitzean Hahnemann-ek sendagai bakarra erabili bait zuen. Hahnemann ez zegoen polifarmaziarekin ados, elkarrekin erabilitako bi sendagairen eragina ezin zela aurrikusi uste zuelako; bakoitzaren eragina neurri handi batean ezezaguna denean batez ere. (Beraz aldi bakoitzean sendagai bakar bat hartu behar da eta ez bi edo hiru elkarrekin).
Hahnemann-en lanaren mamia, sintomak edo gaixotasunak sendatzea garrantzitsuena ez izatea da; gaixoa ulertzea baizik.
Tratamendua ez dagokio organo berezi bati; berezkoak diren jarauntsia, konstituzio, mota morfologiko, izaera eta psikismoa duen ingurune ekonomiko eta sozial konkretu batean bizi den pertsonari baizik.

sábado, 29 de enero de 2011

Tibetarren sekretua

Tibeteko goi-ordokiko biztanleak dira munduan leku gorenean bizi diren pertsonak. Hain zuzen, goi-ordokia batez beste 4.500 metrora dago. Garaiera horretan, ez da erraza gorputzak behar duen oxigenoa hartzea. Ondo dakite hori mendizaleek: igo ahala, organismoari gero eta zailagoa zaio oxigenoa eskuratzea, eta oxigeno-gabeziak mendiko gaitza eragiten du, alegia, buruko mina, zorabioa, goragalea, eta, kasurik okerrenean, baita heriotza ere.
Tibeteko biztanleek, ordea, ez dute halako arazorik, nahiz eta, gainerakoei gertatzen zaien bezala, garaiera handietan itsas mailan daudenean baino oxigeno gutxiago duten odolean. Orduan, nolatan ez dute oxigeno gabezia nozitzen? Giza fisiologia aztertzen dutenak aspalditik saiatu izan dira galdera horri erantzuten, eta, antza denez, orain argitu dute misterioa: Estatu Batuetako Cleveland Unibertsitateko ikertzaileen arabera, odoleko oxido nitrikoan dago gakoa.
Cleveland itsas mailatik 205 metrora dago, eta ikertzaileek hango 50 pertsonaren odol-zirkulazioa alderatu dute 88 tibetarrenekin. Hala, ikusi dute Tibeteko gizon-emakumeek besteek baino bi aldiz odol gehiago mugitzen dutela. Horri esker iristen zaie gorputzeko zelula guztiei behar adina oxigeno.
Ikertzaileek, gainera, alde hori zerk eragiten duen jakin dute. Batek pentsa dezake beharbada tibetarren bihotzek bi taupada ematen dutela estatubatuarren taupada bakoitzeko; alabaina, ez da horrelakorik gertatzen; bi taldeetan ez zegoen alde handirik taupaden maiztasunean. Aldea odol-hodien diametroan dago. Hain zuzen ere, tibetarren odol-hodiak zabalagoak dira, eta, beraz, odol gehiago garraiatzen dute.
Hurrengo pausoa ere argitu dute; alegia, aurkitu dute zergatik dituzten odol-hodi zabalagoak, eta, nonbait, oxido nitrikoa da erantzulea. Oxido nitrikoak eta hura degradatzean sortzen diren nitratoak eta nitritoak odol-hodiak zabaltzea eragiten dute. Bada, tibetarrek molekula horien 10 aldiz kontzentrazio handiago dute odolean Clevelandekoek baino.
Normalean, hain kontzentrazio handia izatea gaixotasun-seinale litzateke; adibidez, septizemietan, bakterioek eragindako odol-infekzioetan, ohi baino nitrato eta nitrito gehiago izaten dute gaixoek odolean. Tibetarrek, ordea, ez dute inolako osasun-arazorik kontzentrazio horiek izateagatik; alderantziz, haientzat mesedegarria da.

Printzipio ayurvedikoak

Medikuntza eta jakinduria

Printzipio ayurvedikoak

Ayurveda, bizitzaren zientzia eta medikuntza tradizionala, oso hedatuta dago Indian. Indiako Ezagutza Sistema Tradizionalen Ikerkuntza Zentroko (CIKS, Madrasen) ikerlaria den K.M. Shyam Sundarrek printzipio ayurvedikoak azalduko dizkigu.
ELKARRIZKETA K.M. SHYAM SUNDAR-EKIN
Indiarra. Medikuntza ayurvedikoan aditua, Indiako Ezagutza-Sistema Tradizionalen Ikerkuntza-Zentroko (CIKS, Madrasen) ikerlaria da.
Zer esan nahi du ayurveda hitzak?
Sanskritoko hitza dugu. Ayu "bizitza" da eta veda aditzak "ezagutu" esan nahi du. Ayurveda bizitzaren zientzia da, beraz. Unibertsoko bizi-mota oro zein lege eta printzipiok arautzen duten azaltzea du helburu. Gaixotasunen sorburua, bilakaera eta tratamendua ez ezik, bizitzaren alde nahiz kontra egiten duten elementuak ere hartzen ditu kontuan. Azkenik, giza zorionaren eta zoritxarraren iturburuak bilatzen saiatzen da.
Nolako lotura dute zientzia horrek eta Indiako testu zahar sakratuek (Veda)?
Atharva Vedan medikuntza ayurvedikoaren oinarri teorikoak eta aplikazio praktikoak daude bilduta. Baina Atharva Veda anatomia-tratatua ere bada: zenbait gaixotasuni buruzko azalpenak ematen ditu eta hainbat lesio nola sendatu adierazten du. Horretaz gain, epidemiak kontrolatzeko moduen berri ematen duen testu bat ere agertzen da. Rig-veda, Yajur Veda eta Sƒma Vedako pasarte batzuk testu horren osagarri dira.
Zein dira ayurvedaren oinarri filosofikoak?
Pentsaera indiarraren arabera, gizakia unibertsoaren enkarnazioa da: gizabanakoak aniztasuna du ezaugarri, mundua ere anitza baita. Eboluzioa gizakiaren eta unibertsoaren arteko elkarreraginen emaitza dugu. Ayurvedaren oinarrizko eskola filosofikoen ustez, gizakiaren eta unibertsoaren sorburua bat bera da eta funtsezko bost elementuz daude osatuta bata eta bestea: lurrez, urez, suz, airez eta eterrez.
Zein mekanismo fisiologikori ematen dio ayurvedak garrantzirik handiena?
Gorputzak zazpi dhathus ("laguntza") behar ditu ongi ibiltzeko, eta dhathusak janarien bidez mantentzen dira egoera onean. Hauexek ditugu aipatutako laguntzak: gorputzeko fluidoak, odola, giharrak, gantzak, hezurrak, nerbioak eta zelula ugaltzaileak.
Zein leku betetzen du orekak pentsaera ayurvedikoan?
Funtsezko kontzeptua da. Gaixotasunak prebenitu eta sendatzeko, hiru dosha ( vatta, pitta eta kapha) gainditu behar ditugu beti. Doshak giza gorputza osatzen duten bost elementuen baliokide biologikoak dira. Osasunez ongi gaudenean, doshak orekan egoten dira eta funtzio fisiologiko guztiak arautzen dituzte. Baina oreka hautsiz gero, gaixotasunak sortzen dira. Doshak gorputz guztian izaten ditugu. Osasunez ongi gaudenean, gorputzaren behealdean, erdialdean eta goialdean kokatzen dira, hurrenez hurren. Etxe bateko zutabeak ditugu, nolabait. Eta hala deitzen zaie gainera: hiru zutabeak ( tristhuna). Bizitzaren une bakoitzari (haurtzaroa, heldutasuna eta zahartzaroa) dosha bana dagokio: khapha, vatta eta pitta, hurrenez hurren. Hiru zatiko banaketa hori beste honekin bat dator: eguna, gaua eta digestio-aldia. Sorkuntzaren unean, hiru doshak gametoetan bildu eta nahasten dira. Nahasketa horren ondorioz, gizakiak izaera fisiko eta mental jakin bat bereganatzen du. Jatorrizko izaera hori ez da, gainera, inoiz aldatzen. Sanskritoz prakruthi izena ematen zaio (berezko edo jatorrizko forma) eta bost elementuak ematen ditu aditzera.
Nolakoa da medikuntza ayurvedikoa?
Zortzi adar ditu, eta zortzi gai hauetaz arduratzen da: 1) arazo funtzional organiko edo sistematikoen ondoriozko gaixotasun somatikoak; 2) lepoko nahiz buruko gaitzak; 3) gorputz arrotzek (arantzak, belarrak, harriak, iltzeak, etab.) eragindako gaixotasunak, kaltetutako saniesak edo doshak atereaz sendatzen direnak; 4) era guztietako pozoidurak; 5) jatorri ezezaguneko arazo mentalak eta gaixotasun infekziosoak, deabrua uxatzeko sakrifizio erritualen bidez sendatzen direnak; 6) haurren gaixotasunak edo aldaketa astrologikoen ondoriozkoak, amaren esnea garbituz konpontzen direnak; 7) gorputz-ehunen propietateak indartzeko bideak (indarra, adimena eta gaixotasunei aurre egiteko ahalmena eskuratzeko), horrela, zahartzaroa atzeratu eta gorputzak gazte irauten baitu; 8) esperma eta obuluen kalitate eta kantitatea hobetzea, sexu gogoa eta kemena handitzea, ugalkortasuna areagotzea, eta, azkenik, antzutasuna nahiz gainerako patologia genitalak sendatzea.

Monjeen medizina mongoliarrentzat

Mongoliarrek, medikamentu-kontuetan, orain arte produktuak mendebaldetik inportatzen bazituzten ere, monjeengana itzultzen ari dira. Garai batean, Manba Datsansko monastegitik hornitzen ziren; bertan lantzen bait ziren medikuntza eta sendabideak. Gero, 1930. urte inguruan Manba Datsans txikitu egin zuten eta ondorioz mendebaldeko medikuntzak sartzeko aukera ezin hobea izan zuen.
Orain, aldaketa politiko batek ohizko medikuntza bideetara itzultzeko bidea eskaini du. Monje mongoliar batek, Natsagdorj Lamak hain zuzen ere, Ulan Batorko Manba Datsans berreraikitzen hasia da. Hala ere, antzinako monastegiarekin konparatuta diferentzia izango du: mendebaldeko medikuntzaren zenbait ezaugarri curriculumera eranstea.
Natsagdorj Lamak Indian ikasi zuen medikuntza eta dioenez mendebaldeko medikuek eta mongoliarrek elkarrengandik ikasi behar dute. “Helburua beti bera da, hots, gaixoa sendatzea” dio Lamak. “Onena zein medikuntza-mota den jakitea ez da garrantzitsua; gaixoa hobeto tratatzeko bi medikuntzen arteko konbinaziorik egokiena zein den jakitea baizik”.
Uztailean Lamak Londresko ospitale eta mediku-eskolak bisitatu zituen. Hauxe zioen: “Hemen zientzia eta teknologia oso garatuta baldin badaude ere, makinek ezin dute diagnostiko zuzena egin. Pazientearekiko harremana ezinbestekoa da”.

Sihatsu, energiaren ahalmena

Shiatsu teknika japoniarrak duela milaka urtetik hona gorputzaren eta espirituaren arteko desoreka gainditu nahi du energia-puntuetan emandako masajeen bidez. Ezagutu teknika horren barne-egitura, bizitzeko modua ere badena.

Shiatsu hitz japoniarra hitzez hitz itzuliz gero, “hatzekin presioa egitea” esan nahi du. Alabaina, terapia hori zertxobait gehiago ezagutzen baduzu, masaje soil bat baino zerbait gehiago dela konturatuko zara. Shiatsu energiaren hastapenetan oinarritutako teknika terapeutikoa da, “digitopresioaren” (hatz bidez eginiko presioa) bitartez gorputzaren eta espirituaren arteko hain beharrezkoa den oreka berrezartzen saiatzen dena. Shiatsu, gainera, kultura bat da, azken batean, bizitzeko modu bat. Ezagutu bere sekretu guztiak.
Gakoa: bizi-energia
Shiatsu teknikaren oinarrizko hastapenetako bat bizi-energiaren (Ki, japonieraz) nozioa da. Horrela, energia hori gorputzean zehar dabil “meridianoetan” edo kanaletan barrena eta horiekin lan egin daiteke. Hau da, energia-kanalen bat kanpoko eragileen ondorioz blokeatzen denean (adibidez, ingurumen-eragileen, elikadura-eragileen, sentipen-hartzaileen eta abar), Shiatsu teknika praktikatzen duenak hatz-mamiez eta eskuzabalaz puntu horren gainean presioa egingo du desblokea dadin eta energia berriro ere modu naturalean zirkulatzea ahalbidetuko du edota sendotu ahul badago.
Diagnostikoa Hara-n hasten da
Shiatsu teknikarentzat gizakiaren gune energetikoa Hara da, hau da, zilbor azpiko zona. Horrela, Shiatsu teknikaren saio terapeutiko batzuk hartzea erabakitzen baduzu, teknika hori praktikatuko duenak lehenengo diagnostiko bat egingo dizu Hara-tik abiatuz. Zenbait afekziok (horien artean, nerbio-sistemako asaldura, estresa eta muskuluetako mina) eragindako energiaren zirkuitu “hutsak” identifikatzeko eta, ondoren, bideratu ahal izateko balioko dio.
Ondoren aplikatzen diren teknikek aldaerak dituzte, hau da, Shiatsu teknika praktikatzen duten zenbaitek energiaren puntu zehatzekin egiten dute lan eta, beste zenbaitek, masaje orokorra ematen dute meridianoak estimulatzeko. Beraz, Espainian, Shiatsu-ko Profesionalen Elkartetik (APSE) gune energetikotik mugitzeak eta jarduteak duen garrantzia azpimarratzen da.
Autosendatzeko gaitasuna indartzea
Shiatsu teknikaren beste oinarrizko maximetako batek dio aurrea hartzea sendatzea baino hobe dela. Hau da, teknika terapeutiko hori gorputzari eta gogamenari ez gaixotzen laguntzeko metodo gisa ere ulertzen da eta, are gehiago, indartzen laguntzeko metodo gisa ere bai, horrela, norbere gorputzak autosendatzeko gaitasuna garatu eta erabil dezan.
Gainera, kontuan hartu behar duzu Shiatsu teknikak ez duela afekzioaren sintomei zuzenean aurre egiten laguntzen, hau da, ez da sendatzen saiatzen, baizik eta, gaixotasunaren iturburura iristen saiatzen da eta behin iritsitakoan, gorputzaren autosendatzeko gaitasuna iratzartzen.
Are gehiago, Shiatsu teknika, bere hastapenak ekialdeko kulturako sustraietan modu sendoan oinarritzen dituena, era berean, mendebaldean garatutako beste teknika eta kontzeptu batzuk bereganatzen saiatzen da; hau da, gorputz-terapiatatik, esate baterako, erreflexologia eta osteopatia, abiatuz aberasten da eta gestalt psikologiaren eta psikologia ebolutiboaren zenbait alderdi onartzen ditu.
Historia apur bat
Medikuntza txinatarra Japonian orain dela mila urte baino gehiago sartu bazen ere, Shiatsu teknika 1945era arte ez zen legeztatu. MacArthur jeneralak, II. Mundu Gerraren ondoren ekialdeko herrialdea okupatu zuenak, ekialdeko metodoak praktikatzen zituzten guztiei metodo horiek zertan ziren txosten batean azaltzeko agindu zien. Garai hartan existitzen ziren 300 terapietatik, Akupuntura Anma eta Shiatsua baino ez ziren onartu.
50eko hamarkadan zehar, Shiatsu teknika, besteak beste, Alemanian, Ingalaterran eta Frantzian ezagutzera ematen hasi zen. Medikuntza ofiziala geldituta zegoen gerratea zela medio, mediku-zerbitzuak, berriz, ospea galduta; horrek ekialdeko medikuntzari indarra eman zion. 70eko hamarkadan, praktika horren hastapenak zabaltzen joan ziren komunikabideen bitartez eta, egun, eskola profesionalak daude mundu osoan.

sábado, 8 de enero de 2011

Filoterapia txinatarra, guztiz naturala den tratamendua






Txina modan dagoen herrialdea da, eta ez ospatzen ari diren Joko Olinpiarrengatik soilik, baizik eta kultura hori mendebaldeko munduan guztiz erakargarri bihurtzen ari delako; jendeztatutako herrialde horretako gero eta produktu gehiago kontsumitzen dira. Medikuntza ulertzeko modu desberdina, produktu guztiz naturalekin, gero eta indar handiagoa duen aukera bihurtzen ari da: fitoterapia txinatarra.
Otordu lasterreko jatetxeak eta, baita, etxera eramateko zerbitzua ere, prezioak ezin sumatuzko mugetaraino beheratzen dituzten dendak, asko larruazalean tatuatzera ausartzen diren sinboloak eta abar. Ohitura txinatarrak bertako jendearen eskutik iritsi dira gugana eta benetako erakargarri dira kultura hori gogoko dutenentzat. Aberastasun horren baitan, medikuntza ulertzeko beste modu bat dago, hemen dugunetik desberdina. 
Fitoterapia txinatarra edo belar-medikuntza Txinako medikuntza tradizionalak hartutako tratamendu-modalitateetako bat da. Tratatzeko modu horretan, formulak garatzerakoan, animali- nahiz mineral-jatorriko osagaiak ere erabiltzen dira. Metodo hori erabiltzen duten Txinako medikuntza tradizionaleko terapeutek aholkatutako errezeten osagaiak horien eraginak maximizatzen eta alboko efektuak ahal den neurrian galarazten dituzten proportzioan konbinatzen dira. Nahasketa eta proportzio horien ezagutza milaka urtetako   esperimentazioaren eta ikerketaren emaitza da. 
Osagai naturalenak
Fitoterapia da Txinako medikuntza tradizionalean erabilitako modalitaterik garrantzitsuenetakoa. Medikuntzako txinatarreko belar-errezeta bakoitza pazienteari egokitutako belar askoz osatutako koktela da. Labekada belarra behin edo birritan erabili ohi da ordubeteren buruan. Sendagileak, normalean, gaixotasunari aurre egingo dioten bat edo bi osagai nagusiz prestatutako erremedioa diseinatzen du. Orduan, sendagileak beste osagai pila bat gehitzen dizkio formula pazientearen yin/yang-era egokitzeko. 
Batzuetan, osagai nagusien toxikotasuna edo horien bigarren mailako efektuak neutralizatzea beharrezkoa izango da. Zenbait belarrek beste osagai batzuk katalizatzailetzat erabiltzea eskatzen dute, bestela sendagaia ez baita eraginkorra izango. Azken urratsek esperientzia eta ezagutza handia eskatzen dituzte; hori da belar-sendagile on baten eta amateur baten arteko aldea. Fitoterapian, osagai guztien arteko oreka eta elkarreragina garrantzitsuagoa da banakako osagaien efektua baino. Txinako medikuntza tradizionalaren arrakastaren giltza paziente bakoitza norbanako gisa tratatzea da. 
Zientzia horren abantailetako bat produktu gehienak belar-dendatan erraz aurkitzen dituzula da inolako mediku-errezetaren beharrik gabe. Alabaina, handicap garrantzitsua ere izan daiteke horrelako erremedio naturalak inolako kontrolik gabe kontsumitzen dituztenentzat. 
Zenbait nahaste, esaterako, antsietatea, erremedio fitoterapeutikoekin tratatu daiteke; baina, aurretik, espezialista batengana joan behar da gure egoera (emozionala eta fisikoa) baloratu dezan eta, ondoren, zein landare edo prestakin hartu behar ditugun adieraziko digu. 
Eztabaida sortzen duen aukera
Fitoterapia txinatarrak, sarritan, landarearen atal guztietako osagaiak erabiltzen ditu, hosto, kimu, lore eta  sustraietakoak eta, baita, animalien eta mineralen osagaiak ere. Galzorian dauden espezietako atalak erabiltzeak, esate baterako, itsas zaldiak, errinozeroen adarrak eta tigreen hezurrak, eztabaida sortu du eta merkatu beltzari bide eman dio, babestutako animaliak bilatzen dituzten isilpeko ehiztariek sustatuta. Erremedio horien fabrikatzaile askok Galzorian dauden animalien edozein atal erabiltzen jarraitu dute.  
Medikuntza ulertzeko modu hori ez da guztien gogokoa; baina, egia da, fitoterapia sendotuta dagoela osasun-arazo bati aurre egiteko orduan medikuntza tradizionaletik harantzago joan nahi dutenen artean. 


jueves, 6 de enero de 2011

zertan datza akupuntura?

Akupuntura duela 2.500 urte sortu zen Txinan. Orratzen bidez akupuntura-puntuak ziztatzea da terapia horren muina. Txinako medikuntza tradizionalaren teorien arabera, giza gorputzak 2.000 akupuntura-puntu inguru ditu. Puntu horiek elkarrekin lotuta daude, eta gorputzeko neurotransmisoreetan eragina duten ezaugarri elektrikoak dituzte.
Akupuntura-puntuak lotzen dituzten bideek gorputzak behar duen energia-fluxua sortzen dute. Energia-fluxu horretan etenak gertatzen badira, gaixotasunak sor daitezke, eta orratzen bidez ziztatuz gero, desoreka horiek konpondu eta energia-fluxua hobetzen omen da.



sábado, 1 de enero de 2011

I R I D I O L O G I A

 Zer da?




Irisaren bidez, gizakia ikertzen duen zientzia da iridiologia. Bai bide espiritualari buruz edota patroi genetikoei buruz hitzegiten digu, eta Irisari dagokionez, oharkabez adierazitakorik ez dago, alderantziz, begiek kolore, forma eta patroien arabera informazio ugaria dute bakoitzari buruz.

Iridiologoen ustez, irisaren bidez zera jakin daiteke: pertsona batek munduarekiko duen erlazioa, nola adierazten den, nola ikasten duen, baita nolako lagunak aukeratzen dituen ere. Era berean, itxura físiko eta jokamoldeen eredua erakusten du belaunaldi bakoitzean. Beraz, honen bitartez, umeak gurasoengandik jaso duten itxura eta zenbait gaitasun ulertzea posible da.