sábado, 29 de enero de 2011

Tibetarren sekretua

Tibeteko goi-ordokiko biztanleak dira munduan leku gorenean bizi diren pertsonak. Hain zuzen, goi-ordokia batez beste 4.500 metrora dago. Garaiera horretan, ez da erraza gorputzak behar duen oxigenoa hartzea. Ondo dakite hori mendizaleek: igo ahala, organismoari gero eta zailagoa zaio oxigenoa eskuratzea, eta oxigeno-gabeziak mendiko gaitza eragiten du, alegia, buruko mina, zorabioa, goragalea, eta, kasurik okerrenean, baita heriotza ere.
Tibeteko biztanleek, ordea, ez dute halako arazorik, nahiz eta, gainerakoei gertatzen zaien bezala, garaiera handietan itsas mailan daudenean baino oxigeno gutxiago duten odolean. Orduan, nolatan ez dute oxigeno gabezia nozitzen? Giza fisiologia aztertzen dutenak aspalditik saiatu izan dira galdera horri erantzuten, eta, antza denez, orain argitu dute misterioa: Estatu Batuetako Cleveland Unibertsitateko ikertzaileen arabera, odoleko oxido nitrikoan dago gakoa.
Cleveland itsas mailatik 205 metrora dago, eta ikertzaileek hango 50 pertsonaren odol-zirkulazioa alderatu dute 88 tibetarrenekin. Hala, ikusi dute Tibeteko gizon-emakumeek besteek baino bi aldiz odol gehiago mugitzen dutela. Horri esker iristen zaie gorputzeko zelula guztiei behar adina oxigeno.
Ikertzaileek, gainera, alde hori zerk eragiten duen jakin dute. Batek pentsa dezake beharbada tibetarren bihotzek bi taupada ematen dutela estatubatuarren taupada bakoitzeko; alabaina, ez da horrelakorik gertatzen; bi taldeetan ez zegoen alde handirik taupaden maiztasunean. Aldea odol-hodien diametroan dago. Hain zuzen ere, tibetarren odol-hodiak zabalagoak dira, eta, beraz, odol gehiago garraiatzen dute.
Hurrengo pausoa ere argitu dute; alegia, aurkitu dute zergatik dituzten odol-hodi zabalagoak, eta, nonbait, oxido nitrikoa da erantzulea. Oxido nitrikoak eta hura degradatzean sortzen diren nitratoak eta nitritoak odol-hodiak zabaltzea eragiten dute. Bada, tibetarrek molekula horien 10 aldiz kontzentrazio handiago dute odolean Clevelandekoek baino.
Normalean, hain kontzentrazio handia izatea gaixotasun-seinale litzateke; adibidez, septizemietan, bakterioek eragindako odol-infekzioetan, ohi baino nitrato eta nitrito gehiago izaten dute gaixoek odolean. Tibetarrek, ordea, ez dute inolako osasun-arazorik kontzentrazio horiek izateagatik; alderantziz, haientzat mesedegarria da.

1 comentario:

  1. Oso harrigarria Tibeteko gizon-emakumeek besteek baino bi aldiz odol gehiago mugitzen dutela eta tibetarren odol-hodiak zabalagoak direla.
    Horrelakoak ez dira egunero ikasten!!!
    :)

    ResponderEliminar